XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Guk, zenbait arrazoirengatik, Filho-ren ABC Testak aukeratu genituen, heldutasun maila eta kontzeptu hori neurtzeko asmoz.

Alde batetik, nahikoa test erraza iruditu zitzaigun, ez zuen denbora gehiegirik exijitzen (hala uste genuen behintzat) eta momentu hartan hoberik ez genuen ikusi.

Lanari ekiterakoan, zenbait problema sortu zen; hortik, agian, ikerketaren akats batzu.

Zenbait bariable edo aldagai ez daude kontrolaturik: subjektuen sozioekonomi maila, aztertzaile bakoitzaren eragina, testak giro eta leku ezegokitan aplikatzea (batzutan), sexua, euskalkien arazoa, testak zuzentzeko kriterioak, ikastoletako metodo pedagogiko eta plangintza ezberdinak.

Hortik aparte, gure urritasun ekonomikoa ere oztopo bat izan zen eta, nola ez, Salamanca-tik Euskal Herrira dauden kilometroak.

Hala ere, azpimarra dezagun, egin duguna ikastolei zor diegu, eta haien aldetik izan genituen erraztasunak eskertzekoak dira.

II.- DISEINU EXPERIMENTALA

1. Laburpena

5 urteko 503 haurreko erakuskari bat hartu ondoren, 3 elebitasun motatan banatu zen erakuskari hau, familian erabiltzen zuten hizkuntza kriteriotzat harturik.

Erakuskari honi, ABC testak (euskaratuak) aplikatu zitzaizkion.

Multzo hau, Gipuzkoa eta Bizkaiko 9 ikastolatatik atera genuen.

Erresultatuak azterturik eta balorazioa egin ondoren, hauxe ikusten dugu: - VI. subtestean, Euskara eta Erdara taldeen batezbestekoen arteko diferentzia signifikatiboa gertatzen da.

- V. subtestean, Euskara eta Nahastuta taldeen batezbestekoek gauza bera adierazten dute.

2. Hipotesia

Hipotesi hau egin genuen: elebidunak famili giroan erabiltzen duen hizkuntzak eragina du ABC testek neurtzen dituzten arloetan.

Elebidunaz ari garenean, egoera ezberdinetan (etxean, ikastolan, kalean, etab.) bi hizkuntzaz baliatzeko gai den subjektuaz ari gara, kasu honetan espainieraz eta euskaraz baliatzeko gai denaz.

ABC testek, honako arlo hauek neurtzen dituzte: ikuste-mugitzezko koordinazioa, irudien alderanzketarako jarkikortasuna edo erresistentzia, ikusmenezko oroimena, entzute-mugitzezko koordinazioa, ahoskatzeko gaitasuna, ekolaliarako jarkikortasuna, entzumenezko oroimena, nekearen indizea, aditasun gidatuaren indizea, eta hitzaltxorra (bokabularioa) eta ulerpen orokorra.

Kontzeptu hauek, irakurtzen eta idazten ikasteko beharrezkoa den heldutasunaren kontzeptu orokorrean sarturik daude.